Kontsumobidek onartu egin du Arartekoaren gomendioa, edozein izapide egiteko nahitaez aurretik hitzordurik ez eskatu behar izateko, eta sistema hori borondatezko hautabide gisa jartzeko

Arartekoak izapidetu zuen kexa batean, herritar bat kexu zen, izapideak aurrez aurre egiteko, aurretiaz hitzordua eskatu behar zelako, eta Kontsumobideren bulego batean, bere ustez, tratu desegokia jaso zuelako. 

Arartekoak erakunde autonomo horri gomendatu zion ken zezala nahitaez aurretik hitzordua eskatu behar izatea, eta azter zezala zaintzaileen esku-hartzea, izan ere, herritarrei informatu eta laguntzeko zeregina ez dagokie beraiei, enplegatu publikoei baizik. 

Berriki helarazitako idazki batean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak (horren mende dago Kontsumobide) Arartekoari adierazi dio erakunde honek egindako gomendioak betetzeko asmoa duela. 

Laburbilduz, idazkian azaldu du hitzordua kontsumo arloko zerbitzu espezializatuetara iristeko sistematzat erabiliko dela; horregatik, herritarrek erregistroetan idazkiak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte, bestelako mugarik gabe. Horretarako, behar bezala informatuko omen da hautabide horien gainean, bai aurrez aurre, bai Kontsumobideren web orriaren bidez. 

Administrazioaren erantzunetik nabarmentzekoa da barkamena eskatu zaiola idatziz kexagileari, Kontsumobideren bulegoan jaso zuen tratuagatik. 

Arartekoa pozik agertu da sail horrek hartuko dituen neurriengatik, herritarrekin aurrez aurreko harremanak errazteko eta kexagileari eragindako kaltea konpontzeko, hari barkamena eskatuz idatziz eta telefono-dei baten bidez.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 5a